XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Susmoa badut gure artean mugimendua kontrakoa ez ote den: Administrazioak egin dezala esaten da.

Hori nahikoa normala da orain arte egiteko erakutsi duen gogoa kontutan hartzen badugu.

Baina esanguratsua da ahalmen ekonomikoa izan duten lekuetan gizarteak ahalegin guztiak egitea zerbitzuak gainetik kentzeko eta zuzenean erakunde publikoari eransteko.

Adibidez, Arabaren kasua: aipatuak ditugun zerbitzu gehienak Foru Aldundiaren menpean daude.

Dena dela, ez dut ahazten hitzaldi tipo hau oso anbiguoa gerta daitekeela.

Esan nahi dudana da eremu horretan erantzunkizun publikoaren ezagutza oso eta argiak ez duela inoiz ito behar gizarteak duen eskubidea bere organizazioen bidez bere burua lagun dezan.

Are gehiago, publikoa ez den ekimen sozialak leku izatea, leku zabala gainera, ez da derrigorrez hartu behar hirugarren munduko ezaugarri bezala, Administrazioak erantzunkizun guztiak bere gain hartuak izanez gero, noski.

Bide batez, esan dezagun erantzunkizun horiek ez direla finantzaketa alorrekoak soilik, baizik eta plangintza eta programazioari dagozkienak ere.

Gure artean zerbitzu sozialak ez dira iritsi sare edo antzeko sistema bat osatzera, hori guztiok onartu beharra daukagu; konglomeratu kondarrak besterik ez den zerbitzu multzo horrek sistema instituzional handiek osasuna, kultura, hezkuntza, lana etab. utzitako hutsuneak betetzen ditu.

Sistema horiek egiten ez dutena baina egin beharko luketena Zerbitzu Sozial deiturikoentzat geratzen da.

Horri buruz adibide adierazgarri bat izan daiteke Osasun Zerbitzua: ospitaletako eta anbulategietako asistentzia estaltzen ditu, baina argi ez dago oraindik geriatrikora edo minusbaliatuen berrabiltzera zuzendu beharko lukeen, askotan, oraindik Zerbitzu Sozialen eskutan dagoelarik.

Mugimendu elkargarriek sektorean duten rola

Gure herri honek beti ezagutu izan du elkarkidetasun pribatu nahiko sendoa, eta oraindik ere gurasoen eta erabiltzaileen mugimenduek garrantzi handiko lan bat egiten dute zerbitzu sozial askori dagokienean, batez ere minusbaliatuen arloan.

Eta horrek erakusten digu berriro gizarteak, edo bere sektore batzuk, bere erantzunkizunak eta beharrak Administrazioko organoek baino askoz lehenago bizitzen dituztela.

Baina fenomeno hori ez da nik deskribatu nahi izan dudanaren berdin berdina.

Lehenbizi aipatu nahi nuen mugimendu sozialen etengabeko bizitza, zerbitzu publiko sistemak oso garatuak dauden Estatuetan.

Gure herrian, fenomenoaren jatorria zerbitzu publikoen gutxiegizko egoera daiteke.

Egoera horretan gizartea mugitzen da Estatuak egiten ez duena egiteko.

Eta horrela da, gure gizartea aitzindari da era horretako elkargoetan, zeinek, azken hogei urteotan zerbitzuak sortu eta gorde dituzte, direnak eta ez direnak aurka izanik.

Eta hori, benetan, ekintza positiboa da.

Orain, dirudienez, Administrazioak bere utzikeria alde batera utzi nahi du eta horren ondorioz krisialditxo bat sortu da, bakoitzak dagokion lekua berraurkitu nahi bait du.

Izan ere, zalantzarik gabe, mugimendu sozial horiek aspalditik erakunde publikoak bete behar zituen esparruak betetzera beharturik egon dira, eta haiek lanari ekin nahi izan diotenean, inor zapaldu gabe ihardutea zail zaiela ikusten dute.

Nik uste dudanez, espazioen birbanaketa aldi bat pasatzen ari gara, eta hori korapilotsua gertatzen da beti.

Ekimen sozialak mentalizazio eta erreibindikazio mugimenduekin hasi ziren.

Gaur egun, hemen dauzkagunak, zerbitzuen planifikaziorako erakunde bilakatu dira denboraren poderioz eta jatorrizko izakera alde batera utzi dute.

Gurasoek profesionalei bide eman diete, hala haiek beren jatorrizko rola galdu dute eta profesionalak, berriz, zerbitzu agentzia bihurtzeko zorian daude.

Administrazioak bere aldetik, hainbeste erantzunkizun uzte egin ondoren, finantzatu baino zerbait gehiago egin nahi lituzke egun batean sortu ez zituen eta orain guztiz kontrolatzen ez dituen zerbitzuak.

Eta noski, tirabirak sortzen dira.

Nik uste, berregokitzeko ahaleginei darizkien momentuko tirabirak dira, eta elkarrizketa askoren bidez eta, agian, jaunen arteko hitzarmen moduko batekin luza gabe gainditu ahal izango dira.

Hala ere, herri anglosaxoniarrei buruz mintzatzerakoan aipatzen nuen egoerara iristeko nahitaez pasa beharko dugu erlazioen objektibazioa, espazioen berregokipena eta rolen birbanaketa lortzeko aurre-fase batetik.